The tradition & historical record
5 min read · 2 sourcesEuskal Herriko jaiek, Euskal Herrian ospatzen diren jaiak izateaz gainera, ezaugarri bereziak dituzte. Euskal kultura modu nabarmen batez islatzean, beste herri batzuetako herrien aldean bereziki identitatea indartu egiten duten jaiak direla aipatu da antropologiatik. Horrela, azal daiteke gainera Euskal Herriko jaiek denboran nahiz espazioan zehar duten ugaritasuna eta trinkotasuna. Ildo horretatik, gogoratu behar da Voltairek XVIII. mendean euskaldunak definitzeko erabili zuen esaldia: "Pirinioetako bi aldeetara kantu eta dantza egiten duen herria". XXI. mendean Euskal Herriko jaiek aldaketa garrantzitsuak izan dituzte aurreko mendeetan ospatzen ziren jaien aldean: XX. mendeko amaierara arte jaietan nagusi izan esanahi erlijiosoa baztertu eta beste dimentsio kolektibo bat hartu dute, Euskal Herriaz gaindi bestalde, turismoaren erakargarri. 1
Inauteriak
Euskal Herriko inauteriak mozorroez gainera, antzinako beste tradizio anitz atxiki ditu herri askotan, gizarte-ordenaren iraulketa modu sinbolikoan adieraziz. Garizumaren aurreko astean ospatzen dira herri gehienetan, baina herri txikietako inauteri tradizional askok beste ziklo zabalago batean zehar ospatzen dira, urte hasieratik. Euskal Herrian, bi motako inauteriak bereizten dira argi eta garbi: alde batetik, inauteri hiritarra, hiri eta herri handietan ospatu eta mozorroetara mugatzen dena; bestetik, inauteri tradizionala, Lantzeko inauteria eta Zuberoako maskarada esaterako, tokiko ezaugarri bereziak dituztenak, antzinatik jasota. Bi inauterien artean kokatzen dira Tolosako inauteriak, hiritarra izan arren, mozorro-erakusketaz gainera inauterietako jai-izaera osoa hartzen duena. 1
Herriko jaiak
Udaberriko jaien zikloari amaiera ematen dion jaia Euskal Herriaz gaindi Europa osoan ere udako solstizioa berrikuntza moduan ospatzen den Donibane jaiaren ondoren, udako jai gehienak herriko jaiak dira, herriz herri eta auzoz auzo ospatzen direnak, herriko zaindariaren omenez jatorri batean baina zentzu sakonean beste esanahi bat hartzen dutenak, erritu iniziatiko, gazteen festak direlako bereziki, identitatezkoa, komunitateko jaia delako, eta performatiboa, gizartearen islada delako. Herriko jai hauek egun batzuetan zehar luzatzen dira, egun bat auzo txikienen kasuan, hiruzpalau egun kasu gehienetan eta astebete hiriburuen kasuan. Egun hauetan zehar ekitaldi ugari ospatzen da, udalek, auzo eta herri elkarteek eta jai batzorde herrikoiek hilabete batzuk lehenago antolaturik. Ekitaldi hauek jaiak baino egun batzuk lehenago banatzen den jai egitarauan biltzen dira. Era guztietako ekitaldiak ospatzen dira: herriko zaindariaren omenezko meza eta bilkurak, haurrentzako jolasak, kirol ekitaldiak, dantza eta musika-ikuskizunak publiko guztietarako, su artifizialetako ikuskizunak, bazkari herrikoiak. Jaiak ospatzen dituzten herritarrak, txosna izeneko taberna mugikorren inguruetan biltzen dira bereziki. Ekitaldiak gau eta egunez ospatzen dira, baina gauez gazteentzako ekitaldiak izaten dira bereziki, hala nola berbenak eta musika-emanaldiak. Gazteen parte hartzea nabarmena da, kuadrilletan bilduz eta haietako askorentzat opor garaia dela aprobetxatuz. Adinak faktore bateratzaile moduan jokatzen du beste adin-taldeetan ere, haurren, heldu nahiz agureen artean, eta bakoitzarentzat ekitalde bereiziak izaten dira. Haurrei zuzenduta, jolasak eta ikuskizun bereziak ospatzen dira, horietako asko Haurren Eguna izeneko egun berezi batean bilduta. 1
Zezen festak
Ugariak dira Euskal Herrian zezen, zezenko eta beste abelgorriekin egiten diren jaiak. Zezen jaiek aldaera zenbait dituzte: entzierroetan korrikalariek zezenak gidatzen dituzte ibilbide batean zehar; sokamuturretan soka luze batez loturik dagoen bigantxa edo zezenko baten oldarrekin egiten den jolasa da; txarlotada abelgorriekin egiten den umorezko ikuskizuna da; errekortariek zezenen aurreko ikuskizun akrobatiko eta atletikoa da; zezensuzkoa, azkenik, pertsona batek gainean daraman zezen itxurako gailu piroteknikoa da, jolas eta ikuskizun moduan jendearen aurka oldartzen dena. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko zezen festa nagusia Iruñeko entzierroa da, urtero mundu osotik milaka lagun erakartzen dituena, baina entzierroak ospatzen dira orobat Tuteran, Lodosan, Lizarran, Tafallan, Faltzesen, Milagron (2008 urtera arte), Arguedasen, Deban eta Pasaian. Zezen festak Erdi Aroan hasi ziren ospatzen Euskal Herrian eta geroztik soka-muturrak, errekortariak eta entzierroak izan ziren ikuskizun nagusiak; XVIII. mendetik Espainia aldetik kapako zezenketak sartzen joan ziren eta XIX. menderako Bilbo, Donostia eta Iruñeko ospakizun nagusietako bat heltzera heldu ziren. Zezenketa eta tauromakiako beste ikuskizunen tradizio handia izan duten herriak Baiona, Azpeitia (Saninaziyuek jaietan) eta Tolosa (inauterietan eta Sanjoanak jaietan) dira. 1
Iruñeko Sanferminak
Iruñeko Sanferminak Euskal Herriko mugak gainditu eta mundu osoan ospetsuak diren jaiak dira. Erdi Arotik ospatzen diren jaiak dira, izaera erlijiosoak hasiera batean, zezenketa ikuskizunekin osatuz geroago eta egun izaera orgiastiko eta transgresore nabarmena dutenak. XX. mendera arte bereziki Nafarroan oihartzuna zuten jaiak izan ziren, baina 1920ko hamarkadatik Ernest Hemingwayk Sanferminak zuzenean bizi eta 1926 urteko Fiesta izeneko liburuan jaso zituenetik atzerritar askoren bisitak hartzen ditu, bereziki ingeles hizkuntzako herrialdeetatik. Uztailaren 6tik 14ra bitartean ospatzen dira eta txupinazo izeneko ekitaldi jendetsuarekin abiarazi eta Pobre de mí ekitaldiarekin bukatzen dira. Bitartean, egunero, goizeko 8etan Iruñeko entzierroa ospatzen da, non korrikalariak zezenen atzetik eta aurretik korrikaldi arriskutsua (eta batzuetan tragikoa, heriotzak gertatu izan baitira) egiten duten, Iruñeko zezen-plazara sartu arte. Entzierroen irudiak zuzenean eskaintzen dira mundu osoko telebistetan ikuslego handiarekin. Ekitaldi horietaz gainera, arratsaldeko zezenketak, erraldoi, buruhandi eta kilikien konpartsen ibilerak, txaranga, berbena, dantzak eta giro herrikoi aparta izaten da Iruñeko Alde Zaharreko eta inguruko kaleetan, denbora guztian herritar guztiak zuri-gorriz jantzita eta lepoan jaietako ikurra den zapi gorria dutela. 1
Hiriburuetako jaiak
Baionan (Baionako bestak izenez), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren jaiak izenez), Donostian eta Bilbon (azken bi hauetan, Aste Nagusia izenez), jaialdi bereziak ospatzen dira, astebete inguruko iraupenez eta bertako hiritarrez gainera, Euskal Herri osoko eta atzerriko pertsonak ere erakartzen dituztenak. Jai hauek XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendean zehar sortu ziren, zezenketaren inguruan Donostia eta Bilboren kasuan, eta geroztik ekitaldi gehiago biltzen joan dira, hala nola, musika-jaialdiak, dantzaldiak, su artifizialak eta bestelako ikuskizunak, bereziki kanpotarrei zuzenduta. Bertako hiritarrek parte hartzen zuzena izaten badute ere konpartsa, kuadrilla eta antzeko lagun-taldeen baitan. Baionako bestak uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran ospatzen dira bost egunetan zehar. 1932 urtean sortu ziren, Iruñeko Sanferminen ereduari jarraiki. 1
The text above is adapted from the Wikipedia article “Jaiak Euskal Herrian”, available under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 licence. 1
Festivals in the Basque Country is recorded in open cultural data. The structured record cited below does not describe the practice, and this entry has not yet been reviewed by a person familiar with the tradition. 2