The tradition & historical record
5 min read · 2 sourcesIgartzako Ezpata-dantzarien Kofradia Beasaingo Gipuzkoa) dantza eta kultura elkarte bat da, Aurtzaka dantza taldearen ekimenez 2007an sortua. Kofradiaren helburu nagusia Beasainen eta Goierrin garai batean egiten ziren ezpata-dantzaren segizio eta dantza-ohiturak berreskuratu, sustatu eta gaur egunera ekartzea da. Kofradiak bere jarduera nagusia Igartzako ezpata-dantzarien egunean gauzatzen du. Egun hori iraileko bigarren igandean izaten zen hasieran, beranduago larunbatez ospatzen hasi zen, Irailaren 8ko Andre Mariaren egunean bertan edo hurrengo larunbatean, Igartza auzoko jaiekin batera. Ekitaldian, dantzariek eta musikariek Beasaingo herrigunetik Igartzako gune monumentaleraino egiten dute segizioa, eta bertan ezpata-dantza eskaintzen dute. Beasaingo biztanle edo Beasainen dantzari izan diren edo diren beste herri batzuetakoak parte hartu dezakete Kofradian. Igartzako ezpata-dantza XXI. mendeko berreraikuntza da, baina Beasaingo ezpata-dantzaren tradizio historikoan oinarritzen da. Beasaingo San Martin Loinazkoaren basilikara egiten den prozesioarekin lotutako ezpata-dantzaren inguruko dokumentaziorik zaharrenetako bat 1808koa da, halaber, 1828ko eta 1830eko dokumentuek Beasainen ezpata luzeko dantzari taldeak osatzen zirela erakusten dute. 1
Aurrekari historikoa
Ezpata-dantzek Europa guztian zabalduta dagoen kulturazko eta tradiziozko ondare zaharra osatzen dute. Hauen adibide asko mantentzen da europar geografia osoan. Euskal Herriaren kasuan, erritual asko dira ezpata-dantzen inguruan ospatzen direnak, bakoitza bere herriaren ezaugarriz hornitua, bai koreografikoki, bai erabiltzen diren jantzi eta tresnengatik. Beasainen Martin Loinazkoa santuaren prozesioari lotutako ezpata-dantza bat gordetzen da, herrian gorde den altxor handi bat dena bere horretan. Aipagarriak dira bide batez, protokoloari berari lotuta egiten den banderaren agurra eta hurrengo egunean herriko plazan dantzari berberek dantzatu ohi duten soka-dantza edo aurreskua. Loinazko San Martinen prozesioa XVII. mendearen bigarren erdi aldian egiten hasi bazen ere, ezpata-dantzari dagokion berririk zaharrena 1808koa da, urte horretan prozesioan ezpata-dantzariak egon zitezen agintzen duen udal-agiriak erakusten duen moduan. Garai horretan, gipuzkoar herri askoren antzera, Beasainen ere ezpata luzeko ezpata-dantza taldeak osatzen ziren tarteka, ospakizun berezietan, 1828ko eta 1830eko Errege-familiaren bisitei esker dokumentuetan jasota dagoen bezala. Igartzako ezpata-dantza azken datu historiko horietan oinarri hartuta sortu zen 2007an. Urtero ezpata-dantzari multzo handia biltzen du, iraileko Loinazko Amaren egunaren inguruan. Era honetara, Beasainen XIX. mendearen lehen erdialdez geroztik dokumentatua daukagun Ezpata-dantzaren tradizioari eusten zaio. Garai hartan, Erregetzako edo Elizako pertsonai garrantzitsuen bisitei ongi etorria egiteko edota bestelako egun berezietarako osatu ohi zen mota honetako segizio eta dantza. 1
Igartzako ezpata-dantzarien eguna
Kofradia 2007an sortu zen, Beasaingo Igartzako gune monumentala berritzen ari zen garaian. Aurtzaka dantza taldeak dantzaren ikuspegitik Igartzaren inguruko protokolo eta erritual historikoak berreraikitzeko proposamena egin zen. Helburua ez zen soilik dantza bat berreskuratzea, baizik eta Igartzako eraikin eta espazio historikoekin lotutako Kultura-ondarea biziberritzea. Lehenengo Igartzako Dantzarien Eguna 2007ko Irailaren 9an egin zen. Egun hartan, 60 dantzari inguruk eta 11 musikarik osatutako talde batek Beasaingo Udaletxetik Igartzarainoko segizioa egin zuen. Joseba Juarez Mendizabal izan zen ezpata luzeen lau ilaren dantzarien buru. Dantzarien jantziak duela bi mendeko Beasaingo udal-aktetan jasotako deskribapenetan oinarrituta prestatu ziren eta nahiko jantzi egiteko denbora izan ez zelako, segizio erdiak Eibarko Arrateko Amaren ezpata-dantzarien kofradiako jantziak erabili zituen lehen Igartzako dantzarien egunean. 1
Dantza eta segizioa
Igartzako ezpata-dantzaren egiturak Euskal Herriko ezpata-dantzen hainbat ezaugarri tradizional biltzen ditu. Hauek osatzen dituzten taldeak jendetsuak izaten dira, bi eskuko ezpata luzez lotuta bi eta lau ilarako formazioan, eta buruzagi gidari bat aurrean dutela osatzen dute segizioa. Beste ezaugarri bat, segizio honi jarraitzen dioten ezpata-txikiko dantzari bakarlariak dira, hauek koreografi zailagoak erakusten dituztelarik. Goierriko hainbat udalerritan (Beasain, Zaldibia, Ordizia, Zumarraga eta Legazpi) zeuden antzinako dantza-maisuen tradizioz oinordetzan jasotako aldairen arabera egiten da dantza. Generoari dagokionez, kofradia mistoa da, ez ditu rol maskulinoak eta femeninoak bereizten. Egitura koreografikoa Mikel Sarriegi Etxezarreta egin du eta tradizio bizia denez, moldaketak jasaten ditu noiz behinka beharretara egokituz. Doinuak Aitor Furundarenak sortu edota egokitu zituen. 1
Dantzarien segizioa Udaletxeko plazatik Igartzako gune historikoraino joaten da, eta bertan erakusten dituzte antzinako Igartza jauregiaren eta Igartzako zubiaren inguruan egiten ziren dantza eta agerraldiak. Protokoloan sartzen da, era berean, herriko tradizioaren arabera dantzatzen den banderaren agurra ere. Dantzari taldeak Igartzako gunean egiten duen ibilbideak garai batean bertako nagusiek jabetza-aldaketa aldarrikatzeko erabiltzen zuten protokoloa berregiten du. Igartzako jauregian sartu eta Beasaingo eta Igartzako kofradiako banderak jartzen dira aintzinako ohiturak berreskuratuz. Hasierako urteetan errota eta burdinolara ere sartzen zen buruzagia, horrela izaten baitzen XVI. mendean. Igartzaren jabe zena hil ondoren, bere ondorengoei zegokien jabetza gauzatzea. 1
Brokel dantzak
Igartzako dantzariek brokel-dantza edo trokeo-dantza saileko hainbat dantza eskaintzen dituzte jauregira sartu aurretik, talde gonbidaturik ez dagoen urteetan. Hasierako urteetan pujanatarren brokel-dantza sailekoak egin zituzten, baina hurrengo urteetan zehar, Igartzarako bereziki atondutako aldaerak gehitu dira: uztai-txikiena, makil-haundiena, brokel-ezpatena eta zumitzena, hain zuzen ere. 1
Bazkaria eta bazkal ondorena
Kofradiaren bazkaria Igartza jauregian egiten da, eta babarrunak, Beasainen ezaguna den odolkia eta sagardoa dira bazkariko jaki ohikoak. Kofradiaren 20.erregelan jasota dago Igartzako dantzarien eguneko menua. Dantzen ondoren, Kofadiaren bazkaria ospatzen da Jauregian, eta egunaren akta irakurtzearekin batera, eguneko dominak banatzen dira, baita ohorezko kofradia kideen izendapena ere, baleude. 1
The text above is adapted from the Wikipedia article “Igartzako Ezpata-dantzarien Kofradia”, available under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 licence. 1
Igartza Sword Dancers' Brotherhood is Igartza Sword Dancers´ brotherhoo of Beasain, according to the structured record cited below. This entry was generated automatically from that record and has not yet been reviewed by a person familiar with the tradition. 2
The source record links this tradition to 1 external register, which can be verified through the citation. 2









